CanSat

Lata bat kilometro bat goruntz jaurtitzea? 2 minutu baino lehen lurreratzea eta erortzen den bitartean segunduro tenperatura eta presioa irakurtzea? Oso zaila dirudi baina ez da horrela. Interesgarria iruditzen bazaizue, gurekin kontaktuan jarri zaitezte.

Cansat Euskadi ekimena lehiaketa zientifiko-teknologikoa da. Freskagarri poto baten tamaina eta pisua mugatzat harturik, bi misio bete behar dituen gailu elektromekaniko bat diseinatu eta eraikitzea da erronka.  can = poto ingelesez; sat = satelite ingelesez; eta hortik “cansat”

Bi misioetako bat finkoa da eta bestea aukera askekoa. Misio finkoari lehenengo misio deituko diogu eta partaide guztiek bete beharko dute. Lehenengo misioa segunduan gutxienez behin sateliteak lurreko estazio batera tenperatura eta presio neurketak irratiz bidaltzean eta informazioa zuzen jasotzean datza. Bigarren misioa talde bakoitzak erabakiko du.  

Antolatzaileek hornitutako suziri, puxika edo drone baten bidez cansat-a jaurtiketa eremutik 1000 metroko altuerara igo eta bertan askatuko da. 120 segundo baino gutxiagoan behar du lurrean berriz, erorreran jausgailu bat erabiliz. Cansat-aren bolumena neurtzean jausgailua ez da kontuan hartuko, baina pisua neurtzean jausgailuarena ere aintzat hartuko da. Cansat-a 20 g-ko azelerazioak jasateko gai izan beharko da, suziriak jaurtiketan eragindako indar handiei aurre egin ahal izateko. Cansat-a eraikitzeko erabilitako material guztiaren kostuak 500€ baino gutxiagokoa beharko du izan (lurreko estazioa aparte dela). 

Cansat-a diseinatu, eraiki eta frogatzeaz gain, taldeek egindako lana defendatu beharko dute: proiektuaren aurkezpenak egin beharko dituzte, talde lana nola garatu den azaldu, komunikazioa, finantzaketa eta sortu diren harremanak aurkeztu, jasotako datuen analisi zientifikoa burutu, etab. Bere inguruan zein eragin izan dituzten, laguntza nola lortu duten eta beste hainbat aspektu plazaratu beharko dituzte. Cansat taldeak 14 eta 18 urte arteko 4-6 gaztez osatzen dira, entrenatzaile/irakasle batekin batera. 

Cansat bat diseinatu eta eraikitzea DBHko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleentzat erronka eskuragarria da. Talde gehienek Arduino plaka bat eta honekin bateragarriak diren piezak erabiliz eraikitzen dute. Batzuek 3D inprimagailu bidez sorturiko kapsulak darabiltzate; beste batzuek aluminiozko potoak erabiltzen dituzte. Batzuek proiektua eskolaz kanpoko ekintzen bidez lantzen dute, beste batzuek teknologia edo IKT orduetan.

ZEIN DA CANSAT EUSKADI TXAPELKETAREN HELBURUA?

Helburua cansat-a eraikitzea baina askoz sakonagoa da: 

  • Gazteen artean STEAM konpetentziak bultzatu nahi dira, eta arlo horietan jada zaletasuna dutenei berau garatzeko leku bat eskaini nahi zaie.
  • Talde lana eta aniztasuna sustatu nahi ditugu, neskei ere leku berezi bat emanez.
  • Helburuetako beste bat inguruko enpresa eta erakundeekin harremanetan jarriz, komunikazioa eta erlazio profesionalak garatzeko abileziak lantzea da.
  • Eta ziurrenik garratzitsuena dena: etorkizunean ekintzaile eta berritzaile bihur daitezkeen gaurko gazteetan, eurek dituzten helburuen alde borrokatzeko funtsezko izango diren auto-estimaren eta norbere buruarenganako konfidantzaren haziak ereitea. 

Hori dela eta, Cansat Euskadik helburu pedagogiko hauetan eta, orokorrean, gizartearentzako onura dakarten baloreen sustapenean arreta berezia jarriko du. Hau guztia hemen ondo azaltzea luzeegia litzateke hala ere.

Gurekin harremanetan jar zaitezkete. Bilera batean gai hau zuekin lantzeko irrikaz gauzkazue.

ZEIN DIRA EKIMEN HONEK DAKARTZAN ONURAK?

Ekimenak parte hartzen duten ikasleei ematen diena ezin da erraz neurtu. Esperientzia paregabea izan ohi da eta haien etorkizuna sakon eta hoberako markatzen duela esatera ausartzen gara. Arte, komunikazio, zientzia edo eta teknologiarako zaletasuna dutenek leku aparta dute hemen. Eta badira beste onura batzuk ere:

  • Kirol edo txapelketa ikuspuntuak. Taldea komunitate zabalago baten ordezkari bilakatzen da, ikastetxearen izena defendatuz. Ondorioz, komunitate honen begirunea jasotzen du. Zientzian edo artean aritzea “arraroa” izatetik, komunitate osoak kontutan hartuko duen zerbait izatera pasatzen da.
  • Gurasoek miresmenez jarraitu ohi dute euren seme alaben lana.
  • Inguruko enpresekin harremanak eraikitzeko bide egokia da benetan, laguntza teknikoa edo aholkuak emanez partaide bihur baitaitezke.
  • Ikastetxeak bere inguruan oso mezu positiboa zabaltzen du, horrek bere irudia hobetzen duelarik.  

Gustura hurbilduko gatzaizkizue ekimen hau zabalago azaldu eta, hala nahi izanez gero, elkarlanari ekiteko.